Ugandako egitasmoa aurkeztu dute goizean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Duela sei urte sortu zuten Kirol Txartela Solidarioa egitasmoa. Honen bitartez Donostia Kirolak, diru kopuru bat bideratzen du elkartasun proiektuetarako. Aurtengo ekarpena AmigoSolidarios elkarte donostiarrarentzako izango da. Ugandako Jinja-Bujagali herrian lehen hezkuntzako ikastetxe batean kirol gune egokitu bat egingo dute.
Aurtengo Kirol Txartelaren erabiltzaile berri bakoitzeko euro bat bideratuko dute egitasmorako, 5.000 euroko gehienezko kopuruarekin; 2013an zazpi mila erabiltzaile berrik eman zuten izena.
Josu Ruiz Kiroletako zinegotziak adierazi duenez “jarduera solidario honekin hezkuntzari zuzendutako egitasmo bat babestuko dugu eta hori da azken finean kirolaren bidez ere bilatzen den helburu nagusienetakoa: pertsonak heztea eta guztiek kirola egin ahal izatea”.
Ikastetxe egokitua
AmigoSolidarios gobernuz kanpoko erakundeak urteak daramatza Ugandan lanean hango erakunde batzuekin batera, bereziki NEFAHA-rekin, bertako emakume ugandarren elkartearekin. Azken urteetan, zentro komunitario bat eta haur eskola bat ere eraiki eta abian jarri dituzte. Orain eraikitzen hasiko diren lehen hezkuntzako ikastetxea horien jarraipena izango da.
Apirilean jarriko dute abian ikastetxea, eta Javier Colomo elkarteko kideak adierazi duenez, urritasunak dituzten haurrak gainerako haurrekin jolastu ahal izateko pauso garrantzitsua izango da. Ikastetxe berriak hiru kirol gune izango ditu: boleibol, saskibaloi eta futboleko pistekin. Gune guztien irisgarritasuna bereziki zainduko dute.
Euren proiektu guztiak agerikoak izaten direla azpimarratu du Colomok, “diru ekarpenekin gauza asko egiten dituztela” erakusteko. Sare sozialen bidez jarrai daiteke AmigoSolidarios elkartearen lana.