'Lingua Nabajorum' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek 10.000 euro eta Dora Salazarren litografia bat jasoko dituzte martxoaren 27an; hala, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, obra berriro eskainiko dute, Viktoria Eugenia Antzokian.
Donostia Antzerki Sariak baditu saritu berriak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Ez dok Hiru Bikoteatroa osatzen dute bi aktoreek, eta Lingua Nabajorum antzezlanari esker irabazi dute sari preziatua. Donostia Kulturak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, sarituen berri emateko, eta aktoreak oso pozik agertu dira komunikabideen aurrean. “Egia esan sari hau lortu nahi genuen, ilusio handia egin digu”, aitortu du Martinezek. Saria irabazteagatik, 10.000 euro eta Dora Salazarren litografia bat jasoko dituzte aktoreek. Zehazki, urtero legez, martxoaren 27ko Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez jasoko dute saria, Viktoria Eugenia Antzokian, eta ondoren, antzezlana berriro eskainiko dute. Egun horretan, 8.000 euro jasoko dituzte, eta gainontzeko 2.000 euroak, 2016a bukatu aurretik egin beharko duten beste obra taularatzean. Euskarazko ikuskizun berri hori prestazeko, Harri Xurin dagoen sorkuntza gunea erabiltzeko aukera izango dute. “Iparraldeko jendearekin, taldeekin eta kultur eragileekin egoteko aukera interesgarria izango da bereziki”, aipatu du Telleriak.
Donostian estreinatutako euskarazko antzezlanek izaten dute Donostia Antzerki Saria irabazteko aukera. 2013an, 13 lan estreinatu zituzten hirian, eta guztira, 38 emanaldi eskaini zituzten, 5.400 ikusle baino gehiago bilduz. Orokorrean, ordea, estreinuak eta estreinuak izan gabeko haur zein helduei zuzendutako 173 funtzio taularatu zituzten Donostian 2013an, eta 31.200 ikusletik gora izan zituzten orohar. “Donostia euskararen hiria izateaz gain, euskarazko antzerkiaren hiria ere bada. Antzezleek euren obrak bertan estreinatu nahi izaten dituzte”, azaldu du harro Nerea Txapartegik. Gau erdian (Tanttaka), Su Txikian (Glu Glu), Zertarako hegoak (Metrokoadroka Kolektiboa), Koka Kola eta Barea (Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa) eta Hamlet (Artedrama, Le Petit Theatre de Pain, Dejabu), izan dira, besteak beste, aurten hirian estreinatutako lanak. Eta esan bezala, horien artean, epaimahaiak hala erabakita, Lingua Nabajorum izan da irabazlea: “Sormen handiko lana da eta euskararekin oso era dibertigarrian jolasten dute”. Norka Chiapuso Donostia Kulturako kidearen esanetan, gainera, obra xumea da, baina gauza gutxirekin asko egin daitekeela erakutsi dute.
Aurkezleen hutsunea
Azken sei urteetan, Patxo Telleria eta Mikel Martinez bera arduratu dira martxoaren 27ko ikuskizuna aurkezteaz, Viktoria Eugenian. Aurten, ordea, beraiek izango dira sarituak; beraz, Donostia Kulturak lan berri bat izango du, aurkezleak topatzea. Zehazki, Lingua Nabajorum, bi aktoreek elkarrekin egindako beste hiru antzezlanen haritik dator: Euskara Sentziloaren Manifestua, Euskarazetamol eta Larru Haizetara. Horietan guztietan euskararekin jolastu du Telleriak, bereak baitira gidoiak. “Desabantaila bat dugu, euskarazko antzerkia egiten dugula, txikia. Publikoaren espektroa zabala izatea espero dugu, ideologikoki edo politikoki, baina euskaldunak dira guztiak. Gure erreferentziak publikoaren erreferentziak dira”, azaldu du Martinezek.