Zurriolan pilatutako hondarra garbitzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Alerta laranja mantenduko dute egun osoan.
“Okerrena pasa da”, hala adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Goizaldean izan dute kezkarik handiena, baina oraingo denboraleak ez du kalte material nabarmenik utzi.
Hondar asko pilatu da Zurriola eta Ondarretako pasealekuetan, baina Udal Brigadak garbiketa lanetan dihardute; 150 langile aritu dira atzo arratsaldetik goizaldera arte lanean. “Itsasertza garbitu eta aurreko denboraleak utzitako kalteak aurreikusita bezala konpontzen jarraitzeko oztoporik ez dago”, esan du Izagirrek.
Gaur goizean udal teknikariak Pasealeku Berrian izan dira, eta oraindik txostenik ez badute egin ere, alkatearen arabera ez da aparteko kalterik espero. Zurriolako kai muturrari dagokionez, lehendik kalteturik egonik, eraso berri bakoitzeko gehiago hondatuko dela esan du Izagirrek. Kosta zuzendaritzako teknikariek bertatik bertara ikusi omen dute egoera, eta konponketa lanak lehenbailehen hasteko beharra azpimarratu du alkateak, eta uda baino lehen hiriak ohiko itxura berreskuratzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.