Euskal musikarien ibilbidea aitortuko du Adarra Sariak
Donostia Kulturak ekainaren 21ean sarituko du lehen sortzailea, Marijose Rekalde artistak egindako garaikurrarekin.
Donostia Kulturak euskal musikariek ez dutela merezitako aitortza jasotzen uste du; eta hari horri tiraka, Adarra Saria sortu du. Saria urtero banatzeko asmoa dute, Viktoria Eugenia Antzokian, ekainaren 21eko Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak eta Miguel Martin Donostia Kulturako Musika arduradunak eman dute sariaren berri, gaur goizean, baina ez dute argitu zein izango den lehen saritua. “Ixilpean igarotzen dira, eta bada garaian euskal musikari onak ditugula jakinarazteko”, azaldu du Txapartegik.
Marijose Rekalde artista nafarrak sortu duen eskultura bat izango da garaikurra; momentuz buztinez egindako prototipoa erakutsi dute, brontzezko saria egiteko molde moduan erabiliko dutena. Zehazki, brontzezko hiru barnizaldi desberdinek osatuko dute garaikurra; oinarria batetik, adarra jotzen ari den pertsona bestetik, eta kimua.
Txapartegik goizeko agerraldian azaldu duenez, sariaren izenak euskal instrumentu zaharrari egiten dio erreferentzia, baina ez hori bakarrik, baita kimu berriei, eta zuhaitzei ere. Azken batean, Adarra Sariaren bidez, euskal musikaren garapenean eta bilakaeran garrantzia izan duten pertsona horiek goraipatu nahi dituzte. Sarituak, gainera, bizirik dauden musikariak zein hildakoak izan daitezke.
Saritua hautatuko duen epaimahaia kritikari adituek, bertako kultur eragileek eta Donostia Kulturako ordezkariek osatuko dute. Hala, honako alor hauek hartuko dituzten kontuan, bereziki: Euskal folkloreko kantu tradizionalak berreskuratu izana; sortutako abestiak herri kantutegira gehitu izana; beste euskal musikari batzuengan eragina izan duen estiloa sortu izana; beste musika estilo batzuekiko lankidetza; artista belaunaldi berriei laguntzea; eta bere lana Euskal Herritik kanpora zabaltzea.