Donostia 2016ren ordezkaritza bat Japonian izango da hurrengo astean
Donostia 2016 Fundazioaren presidente eta Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre, eta Donostia 2016ren zuzendari orokorra, Itziar Nogeras, buru izango dituen ordezkaritza bat Japonian izango da datorren astean, martxoaren 10etik 13ra. Helburu nagusia EU-Japan Fest erakundearen urteroko bilera orokorrean parte hartzea izango da.
EU-Japan Fest erakundearen lan eremu nagusia Europako Kultur Hiriburutzak dira, eta, hiriburutza programen baitan, Japoniako eta Europako kulturen arteko elkar ezagutza sustatzen duten proiektuak babesten ditu. Donostia 2016k egingo duen bidaia honen bidez, EU- Japan Festeko kideekin harremana indartzea eta etorkizun hurbileko kolaborazioa zehazten hastea nahi dute.
Martxoaren 10 eta 11 bitartean, EU-Japan Festek urtero antolatzen duen Batzorde Orokorraren bilera ospatuko da, Tokion, eta Donostia 2016k Europatik kanpo proiektua aurkeztuko duen lehen aldia izango da. Donostiaz gain, gainontzeko Europako Kultur Hiriburuak ere bertan egongo dira: Kosice (Eslovakia), Marseilla (Frantzia), Riga (Letonia), Umea (Suedia), Plzen (Txekiar Errepublika), Mons (Belgika), Wrocklaw (Polonia), Aarhus (Danimarka) eta Leeuwarden (Herbeherak). Ekitaldi honetan etorkizuneko hiriburuek (Donostia barne) elkarlanerako esparruak identifikatzea izango dute jomuga nagusi.
Donostia 2016 eta Japoniaren arteko harremana
Azken hilabeteotan, EU-Japan Festen zenbait ordezkariren bisita jaso du Donostia 2016k. 2013ko irailean, Shuji Kogi, erakundearen zuzendari orokorra, izan zen Donostian, Zinemaldiarekin bat etorriz. Zinema-jaialdiaren programazioaren barruko Cinema Caravan ekimena, gaur egungo japoniar kulturari buruzko kanpo-jaialdi ibiltaria, babestu zuen Donostia 2016k eta EU-Japan Festen zuzendaria ekimen hori bisitatzen izan zen. Otsailean, Takako Saeki, jaialdiaren idazkaritzako kidea, bertaratu zen Donostiara. Bi bisita horietan, EU-Japan Festeko kideek Donostia 2016 proiektua gertutik ezagutu eta lehen kontaktua ezartzeaz gain, hiriko eta lurraldeko hainbat gune bisitatu ahal izan zituzten, Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroa, San Telmo Museoa, TOPIC eta Tabakalera, adibidez.
Beste eragilerekin bilerak
Donostia 2016ren ordezkaritzak hainbat bilera izango ditu Japoniako eragile interesgarriekin, elkarlanerako aukerak arakatu ahal izateko. Besteak beste, Arts Council Tokyo-rekin, Cinema Caravan ekimenaren antolatzaileekin, Japan Foundation-ekin eta UNIMA Japan-ekin elkartuko dira Donostia 2016ren ordezkariak.
Bereziki aipagarria da UNIMA Japanekin izango duten bilera, gogoan izan behar baita Tolosa eta Donostia 2016an Munduko Txotxongilo Jaialdiaren eta UNIMAren kongresuaren egoitza izango direla. Japoniakoa UNIMAren herrialdekako ordezkaritzarik garrantzitsuenetako bat da, Japoniak txotxongilogintzan duen tradizio zabalagatik.