Emakume eta gizonen arteko berdintasunetik oraindik "urrun" gaudela adierazi dute
Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, otsaileko udalbatzan onartutako erakunde adierazpenaren irakurketa publikoa egin dute. Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdietako ordezkariak Alderdi Ederren elkartu dira eta txandakatuz irakurri dute adierazpena.
Azken urteotan emakumeen eskubideen arloan aurrapen handiak egin direla onartu du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak baina oraindik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunetik “urrun” gaudela esan du. Horren isla dira 2013an Donostian egindako diagnostikoa. Beste datu batzuen artean, emakumeen errenta gizonena baino txikiago da; lan merkatuan sexuaren araberako banaketa da nagusi eta gizonezkoek baino zailtasun handiagoa dute emakumeek botere guneetara iristeko; eta Donostiako emakumeen %12k sexu erasoak jasan dituzte, gizonen %1aren aldean.
Bestalde, emakumeen eskubideen esparruan “historiako inboluzio goreneko uneetako batean” gaudela irakurri du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Lan erreforma, hezkuntza legea, osasun arloko murrizketak eta ugaltze eskubideei buruzko lege erreforma. Azken horrek emakumeen askatasuna murrizten duela adierazi dute.
Horrenbestez, ondorengo erakunde adierazpena da aurkeztu eta udalbatzan onartu zutena eta gaur Juan Karlos Izagirre alkateak irakurri duena:
- Donostiako Udalbatzak berretsi nahi du erakunde publikoen betebeharra dela emakumeen kontrako diskriminazioari aurre egitea, eta, betebehar horrekin bat etorrita, konpromisoa hartzen du xede hori lortzera bideratutako baliabideei eusteko.
- Donostiako Udalbatzak berretsi nahi du erabateko borondatea duela bi sexuen arteko aukera berdintasuna lortzeko eginkizunean gizonen eta emakumeen inplikazioa sustatzeko, gizarte osoaren erantzukizuna baita sexu diskriminazioari aurre egitea.
- Donostiako Udalbatzak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan ekintza positiboak abian jartzeko, emakumeei ekonomia eta finantza esparruetan aurrera egiten laguntzeko eta emakumeei lan merkatuan sartzeko eta jarraitzeko aukerak eskaintzeko, ordainsari berak jasoz eta kalitatezko enplegua sustatuz.Era berean, Udalak sostengua emango die, aurrerantzean ere, genero berdintasunik ezari aurre egiteko eta gizon-emakumeei berdintasunezko portaera ereduak eskaintzeko xedea duten kanpainei.
- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari dei egiten dio, beste behin ere, egin beharreko aldaketak egin ditzan osasun erreforman, lan erreforman eta hezkuntza erreforman, emakumeen kontrako ageriko diskriminazioa dakarten neurri guztiak zuzentzeko.
- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio eten ditzala abortuaren kontrako lege proiektuaren izapideak.
- Donostiako Udalbatzak berretsi nahi du Nazio Batuen Erakundeak nahiz Berdintasunerako 4/2005 Legeak emakumeak ahalduntzeari begira finkatutako estrategian sakontzeko beharra; horretarako, ezinbestekoa izango da emakume taldeekiko eta mugimendu feministarekiko lankidetza sustatzea eta emakumeen gaitasunak sendotzeko proiektuak sendotzea, harik eta emakumeek gizartean gizonen pareko maila lortzen duten arte.
- Donostiako Udalbatzak esker ona adierazi nahi die mugimendu feministari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko lanean diharduten emakume eta gizonei, egindako lanarengatik.
- Donostiako Udalbatzak konpromisoa hartzen du mugimendu feminista edo/eta emakumeen antolaketa sustatzeko, babesteko eta sendotzeko, hiriko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeari begira.