Memoriari lotutako artea
Arroka kaleko 6. zenbakiko eraikina bota egingo dute laster, eta agur esateko erakusketa bat egin dute 3. solairuan.
Langileen auzo gisa sortu zen, baina hirigintza plan batek goitik behera aldatuko du San Bartolome. Aldatuko du, eta aldatzen ari da. Duela lauzpabost urte hasi baitziren eraikin zaharrak botatzen eta berriak eraikitzen. Laster Arroka kaleko 6. eta 4. zenbakiko eraikinaren txanda izango da. Eva Villar (Donostia, 1974) bertako bizilaguna da, eta berarena izan da eraikinari agur esateko erakusketa bat egitearena. Bere etxebizitza 6. zenbakiko 3. solairuan zegoen, eta bertan egin du memoriari lotutako arte erakusketa bat.
Santiago Garces, Santos Montes, Sergio Oksman, Laura Piñeiro, Juan Ugalde, Jon Uriarte eta Eva Villarren lanak izango dira ikusgai asteburuan. Marrazkiak, bideoak, argazkiak… Guztiak espazioen memoriari lotutako sorkuntzak. Villar Amarako Errequerre estudioaren arduraduna da. Memoria kolektiboaren gaia interesgarria iruditu zitzaion, eraikin bat desagertzeak hiritarrengan duen eraginaren inguruan gogoeta egitea. Azken finean, etxebizitza bat desagertzen denean, eraikin horren barruan bizitako une horiek guztiak ere desagertu egiten baitira: jaiotzak, heriotzak, ospakizunak, desamodioak, borrokak…
Villarren ustez etxebizitza bat artea erakusteko leku oso aproposa da, askotan galeriak hotzegiak baitira herritarrentzat. Botatzear dauden eraikinak, krisiagatik itxita dauden espazio eta lantegiak… Horrelako espazioak bilatzen ari da Villar erakusketak egiteko.
Bizilagun baten lekukotza audio formatuan, San Bartolome zaharreko argazkiak, bizilagunek utzitako argazkiak… Igandea arte irekita egongo da erakusketa. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta sarrera doan da.