Realak etxean galdu du. (Argazkia: Realsociedad.com)
Partida eroa jokatu dute astelehen gauean Anoetan, eroegia. Europa helburu duen Reala, zelaiaren alde batean; jaitsiera postua saihestea xede duen Rayo, beste aldean. Norgehiagokan gertatutakoa ikusita, ordea, paperak aldatuta zeudela zirudien. Izan ere, Rayok erakustaldia eman du Anoetan, txikiak handia jan du (2-3). Mundua alderantziz.
Madrildarrek, gainera, bi aldiz berdindu behar izan dute partida, oztopo guztiak gaindituz, kolpeak minutu zailetan jaso arren. Realak lehen minutuan egin du gola, Iñigo Martinezek buruz falta jaurtiketa batean asmatu eta gero. Hiru minutu geroago berdindu du lehen aldiz Rayok, penaltiz. Atsedenaldirako segundo gutxi falta zirenean, donostiarrek bigarrena egin dute, Ruben Pardoren bitartez; bigarren zatia hasi bezain pronto, aldiz, kanpotarrek berdindu dute bigarrenez. Horrekin konforme ez, eta, 67. minutuan, 2-3koa egin dute madrildarrek, Anoeta mutu utzita.
Griezmann atera da aulkitik partidaren azken txanpan, baina ez da modurik izan egoera iraultzeko, mundua normaltasunera itzultzeko, alderantziz zegoena zuzen jartzeko.
Horrenbestez, sailkapenak sailkapen, bi taldeen artean 17 puntuko aldea egon arren, Rayok merezita eraman ditu hiru puntuak Donostiatik, eta Realak aukera paregabea galdu du Athletic-etik hurbilago egoteko, Txapeldunen Ligara gerturatzeko. Eta adi, Sevilla bi puntura dago jada, zazpigarren postua seigarren postuaren truke aldatzeko prest, azken bi jardunaldietan txuri-urdinei bost puntu murriztu ostean. Rayok, bitartean, jaitsiera postuetan jarraitzen du, baina edozein egoera iraultzeko gai dela sinetsita. Bejondeiola.