Odon Elorza: "Utzikeriaren ondorioz, Donostia 2016 egitasmoa dagoeneko ez da erakargarria"
Ostiralean ere kontuak eskatu zituzten egoitzaren inaugurazioa ekainera atzeratu dela eta. Gaurko agerraldian Odon Elorza izan da Ernesto Gascorekin batera.
Elorzak esan du bera zegoela alkate egitasmoa abian jarri zutenean, eta horretarako aukerarik eman ez badiote ere, proiektua garatzen laguntzeko prest izan dela beti; “pentsakera eta ikur politikoez haratago dago kultur hiriburutza, baina zoritxarrez dagoeneko galdu du hasierako arima”, esan du Elorzak. Gascok ere Donostia 2016 egitasmoa interes politikoen gainetik egon beharko lukeela esan du, baina zoritxarrez Bildu eta EAJk “fundazioa banatu” nahi izan dutela salatu du.
Zuzendaritzan izan diren aldaketei erreferentzia eginez egin dituzte salaketa hauek: “hasierako taldeko ia inor ez dago zuzendaritzan, eta azken bi urtean bost lagunek utzi dute euren kargua, eta hori oso larria da”, esan du Elorzak. Gascoren ustez, berriz, Bilduk “bere jendea” jarri du karguan. Alderdikoikeriaz jokatzea leporatu diote Bilduri eta gainera, Juan Karlos Izagirre, alkatea eta Donostia 2016 Fundazioko lehendakariak ez duela egitasmoa gidatzeko “ez interesik eta ez lidergorik” salatu dute.
Berandu baino lehen hasierako proiektuari heltzeko eskatu die sozialistek alkateari. Elorzak salatu duenez, “utzikeriaren ondorioz, momentu honetan proiektua ez da erakargarria, ezta donostiarrentzat ere; bulegoetan bahituta daukate egitasmoa, eta hori onartezina da”. Donostia 2016 “ikusezina” dela gaineratu du: “Kultur hiriburutza gerturatzen doan heinean kultur jarduerak etengabeak behar lukete hirian, baina ez da ezer atzematen”, esan du Elorzak. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzarentzat ere izan dute kritika: “Urkulluk herri mailako erronka gisa hartu beharko luke hautagaitza, baina ez dago inolako jarraipenik. Baina noski, hau ez da Bilbo; Donostia beti bigarren mailakoa da Eusko Jaurlaritzarentzat”, esan du Gascok.
Itziar Nogeras
Odon Elorzak, bere kezka agertzeaz gain, hirugarren aldiz eskatu du gaur Itziar Nogeras Donostia 2016 Fundazioaren zuzendari gisa izendatu zuen prozesuaren txostena. Izagirreri egin dio eskaera.
2013ko abuztuan eta azaroan egin zuela eskaera bera esan du Elorzak, baina isiltasuna besterik ez omen du jaso. “Edozein donostiarrek bezalaxe, hiritar moduan eta gardentasun legeari eutsiz, txosten hori ikusi eta aztertzeko eskubidea daukat”, esan du Elorzak.
Kezkatuta eta haserre daude sozialistak Donostia 2016 Fundazioaren egoerarekin.