Bulebarra laranjaz jantzi dute
1.500 lagunek parte hartu dute gaur eguerdian Konpromiso Egunaren ekitaldi nagusian.
“Auzipetuok ez gara damutzen, eta ez gara egindako lan politikoaz damutuko”, adierazi du Joseba Alvarezek
Herriko tabernen aurkako eta gazteen aurkako epaiketetan auzipetutakoei babesa emateko, Konpromiso Eguna egin dute gaur. Ordubatak aldera ekitaldi nagusia egin dute: Baietz Bulebarra bete! Laranja koloreko globoak eskuan, Bulebarra hartu dute 1.500 lagunek. Bederatzi dira Donostiako auzipetuak, eta bost, itxi nahi dituzten tabernak. Guztiak izan dira ekitaldi nagusian, eta Joseba Alvarezek hartu du hitza auzipetu guztien izenean.
Behar adinako erantzuna eman ezean, auzipetuak espetxeratu eta ‘Herriko tabernen’ auziko elkarteak itxi egingo dituztela adierazi du Alvarezek. Haien egoera berean beste 200 euskal herritar daudela azaldu du. Auziperatuak egindakoaz ez direla damutzen ziurtatu du eta lan politikoa egin dutela defendatu du. Euskal Bi makro sumario hauen epaiketen ondoren, Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial, sindikal eta instituzionalak auzipetuentzako absoluzioa eskatu duela eta egindako lan politikoaz “harro” daudela esan du: “Berriro hasi beharko bagenu, berriro lan berbera egingo genukeela ziurtatzen duguEuskal Herriaren edo sozialismoaren alde lan politikoa egitea ezin da delitua izan. Nola izango da delitua betebehar politikoa dena? Hori da Madrilen ulertzen ez dutena”.
Auzipetuen ustez delitu politikoa Euskal Herriari independentziarako aukera eta gatazkaren konponbideari irtenbide demokratikoa ukatzea da. Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin dituzten epaiketek “konfrontazio politikoaren neurria” adierazten dutela esan du, “talka politiko erraldoiaren atarian gaude”. Borrokan jarraitzeko herritarren konpromisoa behar dutela azpimarratu du: “Guztion artean diseinatu eta garatu behar dugu askatasunera eramango gaituen herri erresistentzia eta desobedientzia zibilaren bidea”.
Ustez Segiko kide izateagatik epaitu eta gero, epaiaren zain daude Maialen Eldua (Egia), Mikel Eskiroz (Intxaurrondo), Garazi Rodriguez (Gros), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra), Eihar Egaña (Amara) eta Asier Coloma (Parte Zaharra). Juani Lizasok, Joseba Alvarezek eta Agus Rodriguezek Herriko tabernen aurkako 35/02 sumarioko auzipetuak dira, eta epaiketa honen jopuntuan daude Antiguotarrak, Hontza, Illunki, Herria eta Marruma elkarteak. Asteazkenean amaitu zen herriko tabernen aurkako ahozko saioa, eta gazteen aurkakoa otsailaren hasieran amaitu zen.
- Globo laranja eskuan, 1.500 lagunek bete dute Bulebarra. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
- Bulebarra laranja kolorez jantzi zuten martxoaren 17an, Konpromiso Eguna zela eta. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
































