Haritzalde, Vasco de Camping eta Kaebnai elkarteek Zuhaitz Eguna antolatu dute gaur Puioko muinoaren magalean.
Duela hamar urte hasi zen Haritzalde Naturzaleen Elkartea Puioko muinoaren magalean zuhaitzak landatzen. Ordutik bi mila zuhaitz baino gehiago landatu dituzte jada, eta gaur, Zuhaitzaren Egunean, 178 gehiago. Vasco de Camping eta Kaebnai elkartearekin elkarlanean antolatu dute gaurko jardunaldia, eta 300 lagunen laguntzari esker, Puioko muina berdeagoa izango da.
Lizarrak, astigarrak eta intxusak landatu dituzte. Atxurrarekin zulo bat egin, zuhaixka jarri, sustratoa bota eta dena prest. Vasco de Camping eta Haritzaldek 10:00etan egin dute landaketa. Puioko parkean elkartu dira 150 lagunekin. Handik abiatu dira muinoaren magalera, Katalina Eleizegi kaletik ikusten den magalean. Haur eta gurasoak elkartu dira lehen deialdian. Naiara Sampedro Kultur Aniztasuneko zinegotziak ere parte hartu du jarduera honetan. Bigarren deialdia 12:00etan izan da, Kaebnai elkarteak antolatutakoa. Jatorri eta kultura desberdinetako gazteak elkartu dira bertan. Bi deialdietako parte hartzaileak Puioko parkean egin dute topo eta hamaiketakoa egin dute elkarrekin.