Atotxako autobus geltokiko lanak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Lehen fasea bukatu dute, hau da, azpiegiturak desbideratu eta inguruko eraikinak bota dituzte. Orain bigarren faseari, eraikuntza faseari ekingo diote, eta hemeretzi hilabetean lanak bukatuta egotea espero dute. Hau da, 2015eko abenduaren 1erako.
Gaur aurkeztu dute autobus geltoki berriko lanak egiten ari diren orubean bertan egoera zertan den. Han izan dira Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre, Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua Larraitz Ugarte eta Donostiako Hiri Azpiegitura zinegotzia, Nora Galparsoro.
Juan Karlos Izagirrek adierazi duenez, “krisi garaia bada ere lehentasunak zehaztu ditugu, eta Donostiarentzako geltoki berria lehentasun horietako bat da. Hainbat urteren ondoren, hiri honek autobus geltoki duin bat izango du azkenean”. Lanak “erritmo onean” doazela esan du Izagirrek, “aurreikusitako epeen barruan”. Beraz, 2016rako Donostiak autobus geltoki berri bat izango duela berretsi du.
Juan Karlos Izagirre, lanen inguruko adierazpenak egiten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako Udalak egindako ahalegin ekonomikoa nabarmendu du Izagirrek. 8.700.750 euro ordainduko ditu Udalak, eta 5.906.250 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurrekontu orokorra 24’5 milioi eurokoa bada ere, 14’7 milioi euro dira bi erakundeek jarri beharrekoak. Zentzu horretan, Larraitz Ugartek ere geltoki berriaren beharra azpimarratu du: “Garraio publikoari balioa eman behar diogu, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaini behar ditugu erabilera sustatzeko, eta horretarako ezinbestekoa da azpiegitura egokiak sortzea”. Donostian egon arren, Atotxako geltokia “gipuzkoar guztientzako” eraikiko dela gaineratu du Ugartek.
Lanen bilakaera
Autobus geltokiko lanen bigarren faseari ekin diote. Lehen lanak pantaila paretak deiturikoak eraikitzea izango da; Urumea ibaiaren aldekoak lehenik eta Renfe aldekoak gero. Lan hauek zubira iristean, hemendik bi hilabetera gutxi gora-behera, zubia itxi egingo dute pare bat astez. Trafikoa ere desbideratuko dute, baina Federico Garcia Lorca kaleko trafikoa ez dute etengo.
Ondoren, indusketa lanak egingo dituzte eta ateratako hondakinak Txomin Eneara eramango dituzte. Azkenik aparkaleku eta geltoki barnealdeko lanei ekingo diete.
Geltokiaren zerbitzuak
Autobus geltoki berriak 25.000 metro koadro izango ditu. Hiru solairu eta solairuarte bat izango ditu. Lehen solairuan autobusentzako 24 guneko geltokia egingo dute. Solairuartean sarbideak, bulegoak, bizikletak uzteko lekua eta turismo bulego bat egingo dituzte. Behealdeko bi solairuetan 400 lekuko aparkaleku bat egingo dute autoentzako; horietatik 13, mugikortasun mugatua dutenentzako egokituak.