Jazzaldiak aurtengo kartela aurkeztu du
Guztira 1.183 kartel aurkeztu ziren lehiaketara webgunearen bidez, eta, publikoak emandako botoei esker, horietako 10 finalera pasatu ziren. 89.980 bozka jaso ziren.
Beste 10 kartel Heineken Españak eta Heineken Jazzaldiak aukeratu zituzten. Hala, epaimahaiak kartel irabazlea 20 kartelen artean hautatu zuen. Kartel irabazlea aukeratu duen epaimahaian hainbat esparrutako pertsona ezagunek hartu dute parte: Aizpea Goenaga Etxepare Institutuaren zuzendaria da, Edurne Ormazabal irrati eta telebistako kazetaria, Borja Hermoso kazetaria, Daniel Fernandez-Cañadas kazetaria, Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendaria, Jaione Askasibar Donostia Kulturako komunikazio-zuzendaria eta Heineken Españako Gabriela Cuellar eta Lourdes Diaz de la Hera.
Asier Nazabal donostiarrak eta Carolina Ruiz bartzelonarrak irabazi dute 49. Heineken Jazzaldiko Kartel Lehiaketa.
Kartel irabazleak Ciudad pianista izena du, eta Usandizaga Institutuan elkar ezagutu zuten bi diseinatzailek sortu dute aurtengo Jazzaldia jantziko duen irudia.
Carolina Ruiz Cerdanyolakoa (Bartzelona, Herrialde Katalanak) da jaiotzez, baina Hondarribian bizi da egun. Asier Nazabal Donostian jaioa da eta bertan bizi da. Usandizaga Institutuan ezagutu zuten elkar, Diseinu Graduko ikasle zirela. Iaz amaitu zituzten ikasketak. Ciudad pianista (Hiri pianista) elkarrekin diseinatu duten lehen kartela da, eta bientzat ere lehiaketa batera aurkezten diren lehen aldia.
Egileek adierazi dutenez, Donostia identifikatzeko elementuen bila aritu ziren, baina topikoenak alboan utziz: Kontxa, Haizearen Orrazia… Eta horri, kartelaren behekaldean ageri diren teklak gehitu zizkioten, musika iradokitzeko asmoz.