Donostiako 'zero eremua'
Kazetariok pribilegiatu batzuk garela diote askok eta askok; herritar arruntek debekatuta dituzten zenbait ekitaldi eta gunetan egoteko baimena izan ohi dugulako, besteak beste. Ez dakit horrenbesterako den, baina, atzo, kazetari izateak Pasealeku Berritik igarotzeko aukera eman zigun, nahiz eta itsasoak kolpatutako bazter hau itxita dagoen aspalditik, olatuek eragindako kalteak direla eta.
Urgull mendiko Historiaren Etxean iragarritako agerraldira deitu gintuzten, Donostiari begira erakusketaren irekieraren nondik norakoak jasotzeko. Bada, Mota gaztelura igotzeko autobus bat jarri ziguten eskura, eta ibilgailuak, Urgullerako bidean, Pasealeku Berria zeharkatu zuen, itxita egon ohi den hesia behin-behinean ireki eta gero. Honela gauzak, otsailaren 2 eta 3ko enbatak eragindako txikizioa izan genuen begien aurrean, bertan lanean ari diren beharginek, teknikariek eta agintariek bakarrik ikusi duten triskantza. Herritarrek ez dute hesiaren beste aldean dagoena bertatik bertara ikusiko, konpondu arte bederen, segurtasunaren izenean. Horregatik, autobusetik jaitsi gabe izan bazen ere, Irutxuloko Hitzak zenbait argazki atera zituen, donostiarrekin elkarbanatzeko. Irudiek dena esaten dute. Izan ere, Pasealeku Berria ez dago kapritxoz itxita, ziur egon horretaz.












