Ekoguneko Baratze Parkea ireki dute udaberriaren etorrerarekin
Udaberriarekin batera iritsi da Miramongo Kutxa Ekoguneko Baratze Parkearen irekiera, Gipuzkoako Baratze Parke Sareko egoitza nagusia. Irekiera ekitaldian 200 lagun inguruk parte hartu zuten atzo, eta Baratze Parkea eta Baratze Eskola ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek. Era berean, Gipuzkoako Baratze Parkeen ordezkariek zuhaitz landaketa sinboliko bat egin zuten; sagarrondo bat landatu zuten abian dagoen Baratze Parke bakoitzeko (Hernani, Lezo, Usurbil, Errenteria, Alegia, Tolosa eta Zegama). Festa giroan, jendeak ere bere baratzetan landatzeko barazkiak erosteko aukera izan zuen, produktu ekologikoak dastatzen zituen bitartean.
Baratze Parkea aisialdi aktiborako topagune bat da, eta dinamizazio programa bat izango du urte osoan zehar: ikastaroak, tailer praktikoak eta bisita gidatuak egingo dituzte.


