"Ez genuen espero kideak fusilatuko zituztenik"
Hogeita hamar urte pasa dira dagoeneko. 1984ko martxoaren 22an, Espainiako poliziak Rafael Delas Txapas, Jose Mari Izurza Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro hil zituen Pasai Donibanen. Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) Joseba Merino kide donostiarrarekin (Gros, 1960) zetozen ontzi batean. Merino bizirik atera zen, Rosa Jimeno bezala (honek Poliziari lehorreratzearen berri eman ziola diote). Bertsio ofizialaren arabera, KAAko kideen tiroei erantzun zien poliziak. Haatik, Merinok azken 30 urtehauetan kontatu duenez, ez zeramaten armarik gainean. Bi kide lehorreratu aurretik hil zituzten eta beste biak lehorreratu ondoren, eskuak buruaren atzealdean zituztela. Hona hemen Irutxuloko Hitzak jasotako lekukotasuna, Merinok berak duela bost urte, 25. urtemugarekin bat eginez, kontatutakoa:
«1984ko martxoaren 22a, 22:30ak inguru, Pasaiako badiara iritsi ginen. Bost lagun eta nire txakurra gindoazen zodiak batean. Rosak hartu behar gintuen linterna bidez egindako keinu batez. Rosa ikusi genuenean, soka bota nuen hark ontzia lotu zezan. Lehenik, Kurro eta Pelitxo lurreratu ziren. Hurrengoa ateratzen nik behar nuen izan. Makurtu nintzen txakurra hartzeko eta orduan Alto Policia entzun zen. Jarraian tiro bat, eta segituan, ehunka tiro. Tiro solte hori zen seinalea kideak tirokatzeko. Ez dago dudarik. Ni uretara bota nintzen. Tiro hotsek jarraitzen zuten. Guardia Zibilak aurkitu ninduen eta arroketara iritsi nintzenean, 20 bat polizia ikusi nituen eta Kurro ere eskuak buruan zituela. Rosak orkatiletan bilurrak jarriak zituen.Txapas segituan aurkitu zuten. Irainak eta mehatxuak etengabeak ziren, eta ordurako poliziak Rosa eramana zuten. Kurro erdian zegoen, ni ezkerrean eta Txapas eskuinean. Polizia batek izena galdetu egin zidan eta aparte jarri ninduen. Hiru poliziak Kurro eta Txapasi hurbildu zitzaizkion, metro batera eta tirokatu zituzten. Tiroengatik erori ziren uretara. Segada ezustekoa zen, eta kideak hil izana are gehiago. Bagenekien tortura saihestezina izango zela, baina ez genuen espero kideak fusilatuko zituztenik. Bidean zehar igoarazi ninduten. Herriko jende asko zegoen eta inguruan zebilen bikote bat ikusi nuen, bilurrak jarrita eta burua lurrerantz jarrita. Poliziak bikote hori erabili zuen; haiek Alto Policia entzun zuten, baina ez zuten ezer ikusi. Hori ,baina, nahikoa zen epailearentzat; bikoteak ez zuen gertatutakoa ikusi eta poliziak argudia zezakeen gu hasi ginela tiroka. Gobernuaren aldeko hedabideek hori babestu zuten».


