Herritarren esku dago
123 kilometro. Horixe da Durango eta Iruñea artean dagoen tartea eta Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8rako antolatu duen giza katearen luzera. Eskuz esku, herritarrek osatuko dute kate hori, 50.000 lagun baino gehiago batzeraino.
Hori gerta dadin, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen alde, herri aktibazioa eta atxikimendu jarduerak egiten ari dira herriz herri, egunez egun, eta Donostian sortutako taldeak asteak daramazki ekitaldiak antolatzen. Hitzaldi bat egin du aste honetan bertan, martxoaren 12an dinamikaren egoitza nagusia inauguratu zuen, eta auzoz auzo bilerak egin ditu. Bada, gaur Donostiako taldearen aurkezpen publikoa egin dute Miramar jauregian, eta gizarte, politika, kirola eta kulturako hainbat aurpegi ezagun bildu dira: Juan Karlos Izagirre alkatea, Sortuko Donostiako koordinatzaile Joseba Alvarez, Mikel Unanue pilotari ohia, Xabier Saldias musikaria, Eneko Olasagasti zinemagilea, Marxelo Rubio aktorea, Joxerra Gartzia idazlea, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Xabi San Sebastian eta Mikel Carton abeslariak…
Ekitaldiaren aurkezpenaren ardura Oihana Maritorena aktoreak izan du, eta berarekin batera bi pailazo ero aritu dira Gure Esku Dago dinamikaren nondik norakoak azaltzen; beste gauza batzuen artean, ekainaren 8ko giza katea hiritik igaroko ez denez, Donostiako taldeari Sakanan egotea egokitu zaiola jakinarazi dute.
Azalpenak eman eta gero, eta bildutakoei eskerrak eman ostean, Miramar Jauregiko terrazara musikariak igo dira Gure Esku Dago ekimenaren abestia kantatzeko, eta, era berean, Beñat eta Unai Gaztelumendik bertso ederrak abestu dituzte. “Denon eskuak behar ditugu, zureak eta nireak/ elkar gaitezen hiri zein auzoko adiskideak/ herri oso bat elkartuko du eskuz eskuko bideak/ defendatzeko gure ametsak, nahiak eta eskubideak/ eta josiko dugun sareak egingo gaitu libreak”, kantatu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak.
Ekitaldia eta gero, mosaiko erraldoi bat osatu ostean, erabakitzeko eskubidearen alde bildutako herritarrek jai giroan jarraitu dute goiza, joaldunen laguntzarekin. Hain zuren ere, hainbat jarduera aurreikusi dituzte Antiguan; kantu jira eta pintxo potea, tartean.








