Udaberria iritsi da Loiolara, danbor hotsen artean
Lehen aldiz bat egin dute Loiolako elkarteek eta eragileek, helburu argi batekin, auzoa lotarako leku bat baino gehiago dela erakustea. Loiola Bizirik elkargunea sortu dute honakoen artean: Loiolatarra Kirol Elkartea, Zuhaitz danborrada, La Salle ikastetxea, Hontza kultur elkartea, Urumea ibaia auzo elkartea eta Sustrai aisialdi taldea. Elkartea duela pare bat aste aurkeztu zuten publikoki eta, gaur, lehen jarduera egin dute auzoan: Udaberri Festa.
Haurrentzako jolasak egon dira eta, eguneko jarduera nagusi bezala, danborrada egin dute. Gastuak ekiditeko, jantzi erraza erabili dute: galtza bakeroak, kamiseta zuria eta Loiola Biziriken zapi berdea. Entseguak egiten ibili dira egunotan, eta lan hori nabaritu egin da kaleetan barrena egindako ibilbidean. Jai giro ederrean ibili dira, euriak euri. Haur, gazte eta heldu, denak elkarrekin aritu dira danborra astintzen; Loiola bizirik dagoela erakusteko. Izan ere, auzoko giro polita egon da, hurbila, eta gaurkoa Loiola Biziriken lehen ekarpena besterik ez da izan. Pixkanaka ideia eta jarduera gehiago sortuko dituztela iragarri dute, beti ere auzoko bizitza sustatzeko.
Udaberri Jaiak baditu aurrekariak. Izan ere, 2008an jada antzeko festa bat egin zuten, auzoa hankaz gora izan zuten lan astunak bukatu zirela ospatzeko. Ordukoan, Bizilagunen festa, Loiolan topa izena jarri zioten. Gerora ere beste urteren batean udaberri jaia egin izan dute, batel estropadekin bat eginez, esaterako.










