Euria, kazkabarra eta mendiari aurre egin behar izan diete bostehundik gora korrikalarik
Donostia-Hondarribia Talaia Bidea mendi lasterketa egin dute gaur, Groseko Katalunia plazatik abiatu eta Hondarribiako harresietan bukatu eta gero. Ia 31 kilometroko ibilbide aldapatsua bete behar izan dute bildutako bostehundik gora korrikalariek, kazkabarra eta euripean. Ulia eta Jaizkibel barrena ibili dira, paraje ederretatik, eta Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera igarotzeko ontzia hartu behar izan dute; hori bai, itsas zeharkaldi labur horretan erabilitako denbora ez dute kontutan hartu epaileek helmugan, txip bidezko sistemari esker.
Fortunak antolatutako probak, eguraldia etsai izan badu ere, lehia ikusgarria eskaini du berriro. 2011n egin zuten lehen aldiz, eta mendi lasterketen egutegian erreferente bihurtu da lau ekitaldi eskasetan.
Hondarribira heltzen lehena Urnietako Jokin Lizeaga izan da, 2 ordu 11 minutu eta 29 segundoko denborarekin. Bigarrena Iker Oliveri hondarribiarra izan da, 2 ordu 15 minutu eta 18 segundorekin. Podiuma Igon Manzisidor debarrak osatu du, 2 ordu 16 minutu eta 12 segundorekin. Mikel Albeniz lehen donostiarra izan da, laugarren postuan iritsi eta gero, 2 ordu 19 minutu eta 16 segundorekin. Emakumeen artean, Uxoa Irigoien getariarra izan da azkarrena. 39. postuan amaitu du, 2 ordu 40 minutu eta 20 segundorekin. Lehen emakume donostiarra Tanit Perez de Lezeta izan da, emakumeen artean hirugarrena, eta sailkapen orokorrean 212. postuan, 3 ordu 5 minutu eta 51 segundorekin. Sailkapen osoa Kirolprobak webgunean kontsulta daiteke.























