Europa ireki bat aldarrikatu dute Trintxerpe eta Donostia artean
Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako urteroko martxa egin dute gaur, Trintxerpetik Donostiako Bulebarra artean. SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak deitu dute protesta, Zirkulatu! Europa ireki baten alde leloarekin, eta 58 erakunde eta gizarte talderen babesa jaso du protestak. Martxaren 17. ekitaldia izan da gaurkoa.
Martxa 13:00ak aldera iritsi da Bulebarrera, eta bertan SOS Arrazakeriako kide batek aurtengo adierazpena irakurri du. Besteren artean, eskuin muturreko ildo populistak egiten ari diren lan kaltegarria aipatu du, “milaka lagunek sufritzen dituzten zailtasun ekonomikoak etsaitasun tresna bihurtzen dituzte etorkin langileen aurka, xenofobia eta arrazakeria areagotuz”. Martxan parte hartu duten erakundeen ustetan “eskuin muturreko talde horiek eta beraien lerroko alderdi politikoek proposamenak aurkezten dituzte etorkinak legez diskriminatzeko gizarte eta politika arlo zabaletan, bertako langile jendearen aldeko erabaki ekonomikoak izango balira bezala”.
SOS Arrazakeriak dioenez, lehentasun nazionalean oinarrituriko politika diskriminatzaile eta autoritarioak, kendu nahi ditu europar legediek pertsona ororentzat jasoak dituzten lege eta tratu berdintasuna. “Baina, nazio, etnia edo erlijio jatorria oinarri duen diskriminazioa legezko bihurtzea aldarri erabat ez-demokratikoa da eta ez du ezertan ere lagunduko egungo gizarte arazoak konpontzen”.
Hau guztiau gogoan, XVII. Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Martxa babestu duten erakundeek herritar guztiei eskatu diete gisa horretako proposamenak gaitzesteko, berdin eskuin muturreko talde neopopulistek adieraziak izan nola haien joerako alderdi politiko edo gobernuek esanak izan. “Ezin dugu onartu Europako Batasunean, berau osatzen duten Estatuetan, ustez balio demokratikoekin bat egiten duten horietan, lehentasun nazionaleko politikak gorpuztu daitezen, diskriminatzaileak bertako populazioaren zati, ustez desberdin, batentzat” esan dute erakunde antolatzaileek.



