Gipuzkoako lehen Berdintasun Foru Kontseilua jaio da
Gunea izeneko topagunea aurkeztu zuten atzo, Bulebarrean, mugimendu feminista eta emakumeen elkarteetako hainbat ordezkarik; Gipuzkoako lehen Berdintasun Foru Kontseilua, alegia. Gipuzkoako 41 elkartetako ehun emakumetik gora izan dira Gunearen jaiotzan parte hartu dutenak. Honen sorrera pasa den asteartean onartu zuten Diputatuen Kontseiluan. Foro honen funtzioen artean dago berdintasun politikak bultzatzea, aldundiko politiketan ikuspegi feministak txertatzen direla bermatzeko foru ordezkariekin elkarrizketa zuzena sortzea; elkarteen arteko sare eta koordinazioa indartzea eta edozein indarkeria matxista mota salatzea. “Gunea abian jartzea mugarria da berdintasunarentzat Gipuzkoan”, azpimarratu zuen aldundiko Berdintasun zuzendari Laura Gomezek. Gunea “orain arte babes instituzionalik lortu ez zuen Gipuzkoako mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa” dela erantsi zuen.

