Jason Robinsonen erakustaldia ez da nahikoa izan Bartzelona beldurtzeko
Bartzelona talde indartsua da eta, gainera, sasoi betean dago. Halaxe erakutsi du gaur Illunben, lehen zatian batez ere. Xabi Pascualen jokalariek ez dute aukerarik eman (75-86), nahiz eta Gipuzkoa Basketek bigarren zati txukuna egin duen. Hain zuzen ere, Jason Robinsonek denboraldiko partida onena egin du, 34 punturekin eta ia hutsik egin gabe jaurtiketetan. 34 puntuko balorazioa sinatu du: 8/12 biko jaurtiketetan, 5/5 hirukoetan eta 3/4 jaurtiketa libreetan. Estatubatuarraren erakustaldiak, baina, ez du saririk izan donostiarrentzat. Atsedenaldirako 31-50eko emaitza zegoen markagailuan; horrenbestez, dena erabakita zegoen ordurako.
Bigarren zatian, Sito Alonsoren jokalariak bederatzi puntura hurbildu dira, baina dagoeneko ez zen denborarik geratzen markagailua oraindik eta gehiago estutzeko. Azkenean, Gipuzkoa Basketek eta zaleek burua makurtu ez duten arren, hamaika puntuko errentarekin irabazi du Bartzelonak Illunben (75-86).


