Elikagaien Bankuarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko eskatuko dio EAJk udal gobernuari
Aitziber San Roman, zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez udal gobernuak uko egin dio Elikagaien Bankuarekin hitzarmen bat sinatzeari. Jeltzaleek ez dute uste erabakia “bidezkoa” denik eta osteguneko udalbatzarrera eramango dute gaia. Euren erabakian atzera egin eta hitzarmena sinatzeko eskatuko die EAJk.
Izan ere, San Romanek adierazi duenez, “Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren eskaera ez da ez-ohikoa. Donostiako Udalak lankidetza hitzarmenak ditu sinatuta gizarte lanak betetzen dituzten beste hainbat erakunderekin, hala nola DYArekin, Gurutze Gorriarekin edo Hurkoa Fundazioarekin. Jarduera hauei zuzendutako baliabideak ez dira txikiak. 2013an, esaterako, udal gobernuak 280.000 euro baino gehiago eman zizkien hainbait elkarteri. Gure ustez, Gipuzkoako Elikagaien Bankua ondo baino hobeto sartuko litzateke laguntza sail honetan”.