Adolfo Suarez eta Iñaki Azkuna gogoan izan dituzte PSE-EEk, PPk eta EAJk, alkatearen erabakiaren aurka
Martxoko udalbatzarrak gai korapilatsuak ekarriko ditu gaur; terrazen ordenantza, tartean. Liskarrak, baina, eztabaida hori abiatu aurretik hasi dira, udalbatzarra hasi bezain pronto. 13:00etan abiatu dute saioa, eta PPk Espainiako presidente izandako Adolfo Suarezen omenez minutu bateko isilunea egitea proposatu du. PSE-EEk babestu du proposamena, eta Bilboko alkate ohi Iñaki Azkuna ere gogoan izatea proposatu du. EAJk PP eta PSE-EErekin bat egin du, hildakoei “errespetua” eskaintzeagatik. Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek, ordea, adierazi du Tokiko Gobernu Batzordean jakinarazi zutela ez zutela minutu bateko isilunerik egingo, eta erabaki horri eutsi dio Bilduk. Ramon Labaien alkate ohia hil zenean ez zutela minutu bateko isilunerik egin nabarmendu du Ruizek, eta orduan egin ez bazuten, orain egiteak ez zuela zentzurik azaldu du. Horrenbestez, Juan Karlos Izagirre alkateak saioarekin jarraitzeko agindua eman du.
Hortxe hasi da liskarra. PPko bozeramaile Ramon Gomezek hitza hartu du, baina alkateak esan dio ez zuela hitza hartzeko txandarik. Hala ere, hitz egiten jarraitu du, baita PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok ere. Bi alderdi hauek, EAJrekin batera, minutu batez zutik jarri dira Suarez eta Azkuna gogoan izateko, udalbatzarrak aurrera egin duen arren, hurrengo puntuaren irakurketarekin.