Carlos Vela. (Argazkia:Realsociedad.com)
Realak hiru puntuak lortu ditu gaur Anoetan, Valladoliden aurka irabazi eta gero (1-0). Kostata, eta partidaren zenbait unetan asko sufrituta eskuratu dute garaipena txuri-urdinek. Carlos Velak egin du Realaren gola, lehen zatiko 23. minutuan, Ruben Pardoren pase bikain bat jasota, eta atezainaren aurrean baloia ederki loratuta. Hortik aurrera, donostiarrek norgehiagoka kontrolpean izan dute, baina bigarren zatian, lehia erabakitzeko bigarren gol baten faltan, azken minutura arte sufritu behar izan dute. Azkenean, garaipen garrantzitsua lortu dute Jagoba Arrasatek zuzendutako jokalariek, datorren denboraldian Europara joateko txartela eskuratzeko borrokan bete-betean jarraitzeko.
Igandean derbia izango du Realak, Iruñean, Osasunaren aurka. Gorritxoak jaitsiera postuak ekidin nahian ari dira, hil ala bizi. Horrenbestez, lehia zaila izango da txuri-urdinentzat, Ligako azken jardunaldietan beheko postuetan dauden taldeak goiko postuetan daudenak baino arriskutsuak izan ohi direlako askotan. Valladolidek estu hartu du Reala gaurkoan, esaterako; eta astelehenean Almeriak azken unean eskuratu zituen hiru puntuak, ezustean, donostiarren aurka.