EAJ eta PSE-EEk ontzat jo dute Donostialdeko Metroaren proiektu berria
Donostialdeko Metroari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailak hiria zeharkatuko duen proposamen berri bat aurkeztu du. Hiru geltoki izango lituzte, Easo plazan, Londres hotelaren inguruan eta Benta Berrin, eta ez lau geltoki aurreko gobernuaren proiektuan ageri zen moduan. Proiektu honek aurrera egingo balu, lanak datorren urtean hasi eta 2020rako bukatuko lituzkete.
Pozik agertu dira Eneko Goia eta Ernesto Gasco, jeltzaleen eta sozialisten bozeramaileak. Bat datoz garraio zerbitzua hobetzeko “jauzi garrantzitsu” bat izango dela adieraztean. Goiaren esanetan, “metroak gaur egun Donostiatik pasatzen diren Eusko Trenen bi lerroak batzea ekarriko du, eta hori oso ona izango da Donostiaren eta inguruaren garapenerako. Beraz, udal gobernuari erantzukizunez jokatzeko eskatzen diogu, proiektu hau aurrera atera dadin”.
Ernesto Gascok, proiektu berria Patxi Lopezen gobernuak garatu zuenarekin alderatu du; “ezberdintasunak ia hutsalak dira, beraz hura ere ez zen hain txarra”, esan du Gascok. Denbora galdu bada ere, proiektuaren garrantzia azpimarratu du.