Ertzaintza eta Suhiltzaileak galdutako donostiarra bilatzen hasi dira Urumean
Larunbataz geroztik ez dute Iñaki Garcia gaztearen berririk izan.
Urumea ibaian bilatzen hasi ziren atzo Iñaki Garcia donostiarra. Gaur ere jarraituko dute bilaketarekin. Poliziak eta Garciaren lagunek herritarren dei asko jaso dituzte, eta lekuko batzuek diote Irun, Astigarraga eta Errenterian ere ikusi dutela.
Garciaren lagun Alexander Urbietak zenbait hedabidetan azaldu duenez, larunbat gauean lagun batzuekin Astigarragako sagardotegi batera joan zen, eta, zertxobait geroago eta afaldu gabe irten zen. Urbietak adierazi duenez, Iñaki herrira iritsi, eta neska bati deitu zion, harekin egon zen 00:30 arte. Ordu horretan lagunak taxi geltokira lagunduko ziola esan zion.
Halere, Iñakik eskaintzari uko egin zion, eta Martutenera bidea hartu zuen oinez. Bertan, herritarren laguntzaren bitartez senideek izandako berrien arabera, sagardotegitik irteten ari zen pertsona talde batek lagundu zion 26 autobuseko geltokira.
Igandeko 01:00ak aldera, pertsona talde horrek autobusa hartu zuen, baina gaztea geltokian geratu zen. Bertan ikusi zuten azken aldiz.
Alarmak ez ziren piztu astelehena arte. Lanera joan ez zela ikusita, gurasoek salatu zuten semearen desagerketa. Orduz geroztik ari da Ertzaintza gaztearen bila, baina momentuz, ez dute Garciaren berririk.

