Martxoaren 12an elkarteen ekarpenak jasotzeko egindak bilera, Udal Liburutegi Nagusian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Goitibeheren lasterketa ospitalera igotzeko errepide zaharrean egingo dute; oraindik data zehatza finkatu gabe dago.
Urban 13 taldearen proposamenak dira aurtengo Aste Nagusiko egitarau ofizialean txertatuko dituzten bi berritasunak. Bigarren urtez bildu dira udal ordezkariak hiriko hainbat elkarterekin, egitaraua osatzeko ekarpenak jasotzeko asmoz. Martxoaren 12an egin zuten lehen bilera eta atzo bigarrena. Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak jaien izaera parte hartzailea nabarmendu du eta elkarteen lana txalotu du. Aste Nagusiko egitarau ofizialean 43 elkartek hartzen dute parte, hortaz, “festak gero eta parte hartzaileagoak eta anitzagoak” direla esan du Txapartegik.
Iaz beste bi jarduera txertatu zituzten egitarauan. Bera Berak proposatutakoak ziren biak, haurrentzako jolas eta kirol tailerrak, eta 24 orduko futbito txapelketa. Jarduera hauek aurten ere egingo dituzte.
Elkarteen jarduerak txertatzeko bete beharreko baldintzak honakoak dira: festak euskaraz bizitzea bermatzea, emakumeen parte hartze aktiboa sustatzea, parte hartze kolektiboa sustatzea, elkarteek jardueraz arduratzeko gaitasuna izatea, eta jarduera iraunkorra izatea.