Hezkuntza erreformaren aurka daudela erakutsi dute ikasleek
Manifestazioak egin dituzte Donostian eta beste hainbat herritan, LOMCE legea salatzeko, besteak beste.
Euskal ikasleak ez daude batere ados Espainiako Gobernutik “inposatu” nahi duten hezkuntzarekin, eta euren haserrea erakutsi dute kaleetan barrena. Greba egin dute ikasleek eta Donostian zein Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako beste hainbat hiri eta herritan manifestazioak egin dituzte milaka gaztek. Donostian, 10:30erako egina zuten deia Bulebarrean, baina Ertzaintzarekin arazoak izan dituzte ikasleek, eta 10 bat minutu beranduxeago abiatu dira. Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen Hezkuntza delegaritzara hurbildu dira, eta honako oihuak bota dituzte: “Hezkuntza herritik eta herriarentzat”, “Gure Herria, gure hezkuntza”, “Gora, gora, ikasleen borroka”, “Kapitalismoa, hezkuntzatik kanpora”, “Ertzaintza gutxiago, hezkuntza gehiago”… Delegaritzaren aurrean geldialditxoa egin ostean, EHUren Ibaetako campus aldera abiatu da zutabea, bertan manifestazioa burutzeko, ikasle gehiagorekin batera.
Protestetan, bereziki, LOMCE legea salatu dute, baina baita kontu gehiago ere: Unibertsitateko tasak igo izana, ebaluazio gehiago jarri nahi izatea… Azken batean, “Euskal Herrian, herritik eta herriarentzat eraikiko den hezkuntza sistema propioa” eskatu dute.
Ikasle Abertzaleek egin dute deialdi nagusia Hego Euskal Herrian, baina Espainian ere greba deitu dute, eta Espainiako ikasle taldeek ere antolatu dituztela mobilizazioak. Arratsalderako ere deialdiak egin dituzte.