Parte Zaharreko hainbat bizilagun izan dira udalbatzarrean, euren haserrea adierazteko. (Argazkia: Lide Ferreira)
Oposizioak behin betiko onartu du bide publikoa terrazekin okupatzeari buruzko ordenantza, Bilduren kontrako botoekin. Hain zuzen ere, udal gobernuak ohartarazi du adostutako araudiak ez dituela udal teknikariek egindako txostenak kontutan hartzen, ez segurtasun arloan, ezta bizilagunen atsedenerako eskubideari dagokionean ere.
Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek datu esanguratsu bat eman du: oposizioak aurkeztutako lau emendakinetatik hiru baztertu egin dituzte udaleko txosten teknikoek. PSE-EEk, PPk eta EAJk egindako ekarpenaren %76, hain justu. “Oposizioak ez du bizilagunen emendakin bat bera ere onartu. Argi dago beste eredu baten aldekoak direla politika ulertzeko garaian”, adierazi du Ruizek.
Bildu terrazen aurka ez dagoela berretsi du, baina oreka bat mantentzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Honen harira, ordenantza berriak kale batzuen zabaleraren %60 terrazez betetzea ahalbidetzen duela jakinarazi du, eta “udako ordutegia” Aste Santutik urriaren 31a arte aurreikusten duela, “beste inon” baino ordutegi zabalago batekin. “Abuztuaren 4an edo urriaren 27 batean, terrazak goizeko ordubatak arte egon daitezke”, gaitzetsi du.
Partaidetza zinegotzi Axier Jaka ere haserre azaldu da oposizioak babestutako ordenantzarekin. Ostalariekin eta bizilagunekin bilerak egin dituztela esplikatu du, denentzat akordio on bat lortzeko helburuarekin. Bizilagunen emendakin asko onartu dituztela jakinarazi du, baina oposizioaren jarrerak “ostalarien aldeko” ordenatza bat ekarri duela esan du, “konplexurik gabe, ostalarien interesak interes orokorraren gainetik jarri eta gero”. Udaleko txosten teknikoak kontutan hartu ez izana “arduragabekeria” dela azpimarratu du, segurtasun mailan batez ere. Suhiltzaileen buruaren iriztiaren kontra, ordenantza berriak ez duela segurtasuna bermatzen berretsi du. “Larrialdietako zerbitzuetako ibilgailuen igarobidea ez du bermatzen”, erantsi du.
PSE-EEko zinegotzi Susana Garcia Chuecak, bere aldetik, segurtasuna bermatuta ez dagoela esatea “gezurra” dela esan du, eta ordenantzak ez duela “ilegaltasun bakar bat ere” ziurtatu du. “Urtetan funtzionatu duten irizpideetan oinarritutako ordenantza bat da. Zergatik bilatzen dituzte arazaoak ez dauden lekuan?”, galdetu du. Bilduk bizilagunen “defendatzaile” gisa agertu nahi izan duela bere burua salatu du, “bere turismo planean ostalaritza ardatz denean”.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, berriz, ezker abertzalearen aurkako hitzak izan ditu. “Sortuk iraindu, beldurrarazi eta mehatxatu egin gaitu denbora honetan guztian, ostalarien morroi garela esan eta gero. Alkateari eskatzen diogu hau guztia gaitzestea”, esan du. Segurtasun ezari buruz, Gomezek esan du “gezurra” dela ordenantzak baldintzak bete ez izatea. “Terraza bat altxatzeko bost segundo behar dira, eta, gainera, larrialdietako ibilgailuak pasatzen dira Bilduk ezetz esaten duen leku horietatik”, adierazi du.
EAJko zinegotzi Juan Ramon Vilesek, aldiz, esan du onartutako ordenantza egokia dela. “Hiri guztiarentzako ordenantza bat da eta hiritar guztientzako, ez turistentzako bakarrik”, argitu du. Bilduk oposizioa Donostiako hiritarrak ez balira bezala tratatu duela kritikatu du, eurak donostiarren “defendatzaile” gisa aurkezteko. “Donostiarrak izango ez bagina bezala hitz egin du udal gobernuak. Ni Donostian nago erroldatuta, eta zaratak kaltetutako zonalde batean bizi naiz”, azaldu du Vilesek.
Parte Zaharreko hainbat bizilagun hurbildu dira udalbatzarrera, euren haserrea adierazteko. Kartelak eraman dituzte, eta bizkarra emanda jarraitu dute terrazen eztabaida.