Roteta Berri eta Txomin Eneako haur txokoek diru laguntza jasoko dute
Donostiako Udalak urteak daramatza udal haur txokorik ez dagoen auzoetako elkarteei diru laguntzak ematen, bertako haur txokoetan proiektuak garatu ditzaten. Hala, aurten Altzako Roteta Berri eta Txomin Eneako haur txokoek jasoko dute diru laguntza; 64.657 euro guztira.
Jardueren kudeaketa, antolaketa eta burutzea, jolasen berrikuntza, urteko aisialdiko programa finantzatu eta Gabonak Zuretzat programan parte hartu beharko dute diru laguntza horren bidez.
Roteta Berri eta Txomin Eneako haur txokoak kudeatzen dituzten elkarteek haurrentzat eguneroko topaleku bat eskaintzen dute eta ekintza programazio zabala prestatzen dute hurbiltzen direnentzat.
Roteta Berri haur txokoa, Herrera Pasealekuan dago, Altzan. Ikasturte osoan zehar egiten dituzte jarduerak, irailetik uztailera, arratsaldeko 16:30etik 19:30era. Bi eta 13 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte.
Txomin Eneako haur txokoa Aintzieta Pasealekuan dago. Udal kultur areto bat da, Lanberri auzo elkarteari utzitakoa eta auzoko beste hainbat elkarterekin partekatzen dena. Lau eta 12 urte bitarteko haurrekin egiten dute lan, arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.