Udalbatzak Loiolako lanak bukatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, aho batez
Loiolan zubibidea eta Euskotrenen geltoki berriko lanekin jarraitzeko bi erakunde adierazpen adostu dituzte udalbatzarrean, Eusko Jaurlaritzari zuzenduak; bata PPk proposatutakoa eta bestea, Bilduk aurkeztuta. Biak aho batez onartu dituzte.
Hala, udal talde guztiek bat egin dute Loiolako egitasmoak lehentasuna duela adosterakoan, eta Eusko Jaurlaritzari hasitakoa bukatzeko eskatu diote; EAJk barne. Jeltzaleak Gasteizen daude agintzen, baina EAJko bozeramaile Eneko Goiak ez du arazorik izan eskakizuna babesteko: «Helburua argia da: hasitako obra bat bukatu behar da eta Jaurlaritzak zentzu horretan hartutako konpromisoak bete beharko ditu».