Donostiarra hirugarrena izan da Gipuzkoako Batel Ligan
Datorren asteburuan txapelketaren txanda izango da, Pasaian.
Donostiarrak lehen aldiz parte hartu du Gipuzkoako Batel Ligan, eta podiumera igotzea lortu du. Izan ere, gizonezko seniorren sailkapen orokorrean, hirugarren postuan geratu dira arraunlari donostiarrak. Bederatzi jardunaldik osatu dute Liga, tartean lau jardunaldi bertan behera utzi behar izan baititu federazioak, metereologia iragarpen txarren ondorioz. Getarian jokatu zituzten atzo goizean ligako azken estropadak, eta Donostiarra bosgarren postuan geratu zen. Aurretik zituen puntuei batuta, ordea, hirugarren postuan bukatu du liga, aipatu bezala, 58 punturekin. Behin atzoko estropadak bukatuta, sari banaketan egin zuten Getarian bertan, eta zegokien brontzezko dominak jaso dituzten Donostiarrakoek. San Juan eta Orio geratu dira Ligan Donostiarraren aurretik.
Datorren asteburuan, Gipuzkoako Batel Txapelketan parte hartuko dute Donostiarrako arraunlariek, Pasaian. Maila guztietako estropadak jokatuko dituzte partaideek, bi egunetan; larunbatean, 16:30ean izango da lehia, eta igandean, berriz, 11:00etan.
GIPUZKOAKO BATEL LIGA, SAILKAPENA.
Gizonezko seniorrak
- SAN JUAN: 73 PUNTU
- ORIO: 71
- DONOSTIARRA: 58
- HIBAIKA A: 54
- ZARAUTZ A: 50
- MUTRIKU A: 34
- HIBAIKA B: 31
- MUTRIKU B: 13
- ZARAUTZ B: 4