Edorta Lamo eta Amaia Garcia, Taskakulturklub elkartearen aurkezpenean. (Argazkia: A Fuego Negro)
Kultur agenda dinamizatzeko sortu dute Taskakulturklub elkartea.
Kontzertu akustikoak, kultur berritasunen aurkezpenak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, emanaldiak… Musika, artea eta sukaldaritzaren inguruko jarduerak bultzatu nahi ditu A Fuego Negrok: “Garai batean zegoen aktibismo kulturala berreskuratu nahi dugu, kaleak nortasun sozial eta kultural hori berreskuratzea gustatuko litzaiguke, artista, ikusle eta mota guztietako pertsonen elkar ekintzarako gunea izatea berriz ere”, azpimarratu du elkarteko kide Edorta Lamok.
Gaueko eskaintzaren osagarri izateko eta eguneko eskaintza kulturalean dagoen “hutsune hori” betetzeko asmoz sortu dute Taskakulturklub elkartea. Horretarako, mota guztietako jarduera kulturalak bultzatu eta lagunduko ditu. Elkarte honen sustatzaile Amaia Garcia de Albizuren hitzetan, “kontzertu eta antzerki txikien kultur eskaintza zabala dago, eseri eta ikus daitezkeen horietakoa, baina gauza herrikoiak falta dira jendea batu eta esperientziak elkarbanatzeko”.
Hiruhileko jarduera egutegia osatu dute, batik bat A Fuego Negron izango direnak astero-astero, eta, diziplina desberdinetakoak, gainera. “Egutegi ireki eta ugaria izatea da ideia, kontzertu akustiko txikiak, antzerkia, tailerrak edo gastronomia hitzaldiak”, adierazi du Lamok.
Proposamenak jasotzeko prest
Jendeak bere kultur lan eta ekimenak aurkez ditzakeen gunea izango da A Fuego Negro. “Ekimen berriak lagundu eta bultzatuko dituen plataforma izateko asmoa du Taskakulturklubek. Mota guztietako proposamenak jasotzeko erabat irekita gaude”, azaldu dute.