Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iñaki Gurrutxaga zinegotzi jeltzaleak 2013ko udal aurrekontuaren kitapenaren balorazioa egin du. Ostiralean jaso zuten txostena, eta datuak aztertu ondoren, “berriro ere udal gobernuak baliabideak kudeatzeko duen ahalmen eskasa agerian” geratu dela esan du Gurrutxagak.
Zinegotziaren arabera, espero baina diru sarrera handiagoak izan dira 2013an, hainbat zergaren ondorioz sortu direnak; 4,5 milioi euro hain zuzen ere. Baina sarrera horiek ez dira inbertitu; “hiri honetan proiektu gehiago egin ez badira, ez da baliabide faltagatik izan, udal gobernuaren kudeaketa txarragatik baizik”, salatu du Gurrutxagak. Añorgako etorbidea oinezkoentzako egokitzea edo Parte Zaharreko hondakinen bilketa sistema jarri ditu adibide gisa, eta baita egin gabe geratu diren hiriko beste hainbat mantentze lan ere. Errepide eta bideen konponketan, adibidez, aurreikusitakoa baino 860.000 euro gutxiago gastatu direla esan du.
Gurrutxagak jakinarazi duenez, Udalaren iazko aurrekontua 252 milioi eurokoa izan zen. Diru sarrerak gehitu eta gastuak edo inbertsioak gutxitzean, 15 milioi euroko poltsa geratu da. “Ikuspegi ekonomiko batetik aztertuta datu onak dira, baina poltsa handitzearekin ez dugu ezer egiten, hiriko beharrak asetzeko erabilzen ez bada”, esan du Gurrutxagak.
2014ko aurrekontua EAJ eta Bilduren artean adostua da, eta aurreko urteetan ez bezala, oraingoan aurreikusitako egitasmo guztiak betetzeko lan egingo dutela esan du zinegotzi jeltzaleak.