Artelekuren egoitza hilaren bukaerarako hustuko dute
Santa Teresa komentuan hasiko du 2014-2015 ikasturtea.
Artelekuren Txomineko eraikina apirilaren amaierarako barrutik hustuta egongo dela iragarri du Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Saileko diputatuak, Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Artelekuk 2014-2015 ikasturteari Santa Teresa komentua gune nagusi duela ekingo diola adierazi du, egungo hainbat proiektu eta zerbitzuak beste leku batzuetan sakabanatuko badira ere. Txomineko eraikina noiz eraitsiko duten ez dakiela azaldu du Badiolak.
Tabakalerarekin elkarlanerako bideak jorratuko dituela esan du Badiolak, baina bietako bakoitzak bere izaera eta filosofia berezia duela orain eta izango duela aurrerantzean. “Arteleku-Santa Teresa” deitu duena artistentzako espazio bat izango dela esan du Badiolak, pedagogiara eta formakuntzara bideratua eta ikusgarritasunik gabekoa; Tabakalera, aldiz, publiko orokorrari zabaldutako gunea izango da, ikusgarritasun handikoa. Arteleku irailean berriro abian jartzeko 500.000 euroko gastuari aurre egin beharko dio orotara Gipuzkoako Foru Aldundiak.


