Barraskiloak margotu dituzte AHTaren aurka
“AHT Ez!” dioten barraskiloen pintaketak agertu dira Donostian eta Euskal herriko hainbat herritan. Mugitu! mugimenduak hartu ditu bere gain pintaketok, eta Abiadura Handiko Trenaren proiektua salatzea dute helburu. Mantso doaz barraskiloak, baina aurrera egiten dute, eta haien irudia hartu dute ekintza honen oinarri gisa.
Abiadura garrantzi handiko balioa izatera iritsi dela dio Mugituk, “askatasun ikur” izateraino: “Abiadura handiko eta presazko gizartean bizi gara: zenbat eta azkarrago eta zenbat eta urrunago, hainbat eta hobe. ‘Denbora irabazteko’, gero eta azkarrago joaten gara baina, geure bizitzaren gero eta denbora gehiago ematen dugu joan-etorri luzeetan”, salatu du. AHTa gizarte eredu honen adibiderik “garbiena” dela plazaratu du: “Lekualdatzeen azelerazioak ez digu bizitzeko denbora gehiago ematen, ekoiztu eta kontsumitzeko denbora gehiago baizik”.
Joan-etorri “azkarrago eta luzeagoen beharrak”, ondorio “zitalak” ekarri dituela salatu du: “AHTaren moduko azpiegiturek hainbat espazio natural okupatu dituzte; energia kontsumoaren igoera; herritarren sektore zabal baten baztertzea, baliabide natural eta ekonomikoen xahuketa; nekazaritza guneak hirien zerbitzuetara ezartzen dituen metropolizazio prozesuen areagotzea; eta presaka bizitzeak sortzen duen estresa, antsietatea, itoaldia eta depresioa.


