"Donostian kultura ari du, ez euria bakarrik"
Amaia Almirallek eta Nerea Txapartegik Donostia Kulturaren 2013ko balantzea aurkeztu dute, eta euren arabera, kultur etxeak dira herritar gehien erakartzen dituzten guneak.
Donostia Kulturaren 2013ko balantzea harro aurkeztu dute Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendariak eta Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak. Datu esanguratsu mordoa emateaz gain, hiria kultur jarduerek jantzi dutela nabarmendu dute. “2013an eskainitako kultur jarduerek harrera bikaina izan dute. Beraz, gurean kultura bizirik dagoela esan dezakegu. Kalitatezko programa anitza eta zabala izan dugu”, aipatu du Txapartegik. Almirallek ere datuen inguruko irakurketa baikorra egin du, eta bere hizketaldiaren bukaeran sendo bota du esaldia: “Donostian kultura ari du, ez euria bakarrik”.
Beti ere, bertako sortzaileei lehentasuna eman dietela azaldu du Txapartegik, eta herritarrek kulturara jotzeko duten bide azkarrena kultur etxeak direla aipatu du: “Herritarrengandik gertuen dauden guneak dira kultur etxeak; 3.344 kultur jarduera eskaini dituzte, eta 1.391.000 bisitari igaro dira horietatik. Zortzi auzotan banatutako 11 azpiegitura dauzkagu, eta urtez urte erabiltzaileen zifra handitzen ari da”. Almirallek bere aldetik, Donostia Kulturak 2012an baino %6’2 bazkide gehiago dituela nabarmendu du, hau da, 83.087; horietatik %80 donostiarrak.
Donostia erre eta ondoren berreraiki izanaren bigarren mendeurrena bete zen iaz. Hala, hirian gertaera haiek gogorarazi zituzten hainbat jarduera egin zituzten. Donostia Kulturak ere parte hartu zuen, noski, ia 5.000 jarduera antolatuz, emandako datuen arabera.
Interneten ere, igoera
Amaia Almirallek aurkeztutako datuek diotenez, Donostia Kulturaren webguneak nabarmen gora egin du; 801.740 bisita izan ditu (2012an baino %23 gehiago), ikusitako orrien kopurua 2’5 milioi baino gehiagokoa izan da, eta biblioteka dijitalak ia 2’5 milioi irakurketa jaso ditu.
2013KO DATU ESANGURATSUAK:
- FESTAK. Donostia Kulturak 542 elkarterekin izan du lankidetza zuzena.
- IKASTAROAK. Donostia Kulturak 872 ikastaro eskaini ditu, eta 6.916 erabiltzailek parte hartu dute.
- KULTUR ETXEAK. 3.344 jarduera eskaini dituzte.
- LIBURUTEGIAK. 863 jarduera antolatu dituzte, eta horietatik 647 euskaraz izan dira.
- PROGRAMAZIOA. Donostia Kultura Gipuzkoako eragile nagusia da leihatila-salmentetan. 2013an, 169.687 sarrera saldu ditu bere programazioan.
- SAN TELMO MUSEOA. Europaren aitorpena jaso zuen, aipamen berezia egin baitzioten EMYA sarietan. 120.294 bisitari izan zituen museoak 2013an (% 30, donostiarrak).
- JAIALDIAK. Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak 11.029 ikus-entzule izan ditu; Surfilm Festibalek, 1.667 (9.500 lagun, Festibalak egindako proposamen guztietakoak batuz); Giza Eskubideen Zinemaldiak, 12.754; dFeriak, 7.243; eta Jazzaldiak, 150.000. Bestetik, Literaktum literatur jaialdian, 875 lagunek parte hartu zuten; eta Donostikluba programan, 3.197 lagunek.
- DONOSTIA 2016. Donostia Kulturak parte hartu du 2016 Fundazioarekin batera, Olatu Talka 2013 antolatzen.


