Itziar Nogerasek Donostia 2016 zuzentzeari utz diezaion erabaki du Udal Bozeramaileen Batzordeak
Hala erabaki du Udal Bozeramaileen Batzordeak gaur goizean egindako bileran; aho batez hartu dute erabakia. Dena dela, Itziar Nogerasek bere kargua uzteko erabakian atzera eginez gero, Donostia 2016 Fundazioaren patronatuak izango luke azken hitza.
Itziar Nogerasek bere kargua mahai gainean jarri zuen atzo eta Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak erabakia hausnartzeko 24 orduko epea eskatu zion. Hala ere, Donostiako Udala ez da Nogerasen erabakiaren zain geratu eta Udal Bozeramaileen Batzordean balizko itzulerarik ez onartzea erabaki dute.
Gaiak sortu duen zalapartari erantzuteko, Juan Karlos Izagirre alkateak agerraldi bat egin du goizeko lehen orduan kazetarien galderei erantzuteko. Argi mintzatu da Izagirre. Nogerasen erabakia “harriduraz” hartu zutela esan du, eta kargua uzteko erabakia planteatzeko moduak ere ez zirela egokienak izan aitortu du. “Edonoren erabaki pertsonalak beti errespetatu behar dira, ados egon ala ez. Dena dela, arratsaldeko 16:00etan jakinarazi zigun Itziar Nogerasek bere erabakia, Patronatuaren bilera hasi baina lehenago, eta berez positiboa eta oso garrantzitsua zen gai ordena guztiz zapuztu zuen”.
Nogerasen jarrerak bileraren norabidea kolokan jarri bazuen ere, Patronatua osatzen duten lau erakundeetako ordezkariek aurrera jarraitzea erabaki zuten. Izagirreren ustez, “erabaki pertsonalek ez dute Donostia 2016ren arrakasta baldintzatuko, benetako arrakasta ez baitio pertsona batek edo talde batek emango, erakunde, eragile eta herritar guztien ilusioak eta parte hartzeak baizik”.
Zentzu horretan, lasaitasun mezu bat igorri die Izagirrek herritarrei eta aurrera pauso garrantzitsuak ematen ari direla esan du. Patronatuak atzo egindako bileran hainbat erabaki hartu zituzten: lantalde teknikoak aurkeztutako proiektu kulturalaren ildo nagusiak onartu zituzten, Espainiako Kultura Ministerioak egindako 1’2 milioiko ekarpenarekin 2014ko aurrekontuen egokitzapena onartu zuten, eta sei lanpostu berri sortzea ere onartu zuten. Baita Kultur Programaren koordinatzailearen figura sortzea ere.
Erabaki hauek guztiak Patronatua osatzen duten erakunde guztien arteko adostasun osoz hartu zituztela nabarmendu du Izagirrek, eta Donostiako Udalean bertan ere, “ika-mika politikoak alde batera utzi eta alderdi politiko guztien parte hartzea eta babesa sustatu beharko lirateke”, esan du Izagirrek; “Donostia 2016 ez da politika egiteko; interes eta desberdintasun politiko guztien gainetik egon beharko luke proiektu honek”. Oposizioko alderdiei konpromiso horixe eskatuko diela adierazi du Izagirrek, kazetariekin egindako bileraren ondoren deitu duen Bozeramaileen Batzordean.
Autokritika
Juan Karlos Izagirrek ez du zalantzarik izan Donostia 2016 krisi egoera batean dagoela onartzeko. Areago, “autokritika egiteko garaia da; ez dugu asmatu zuzendaritza talde egonkor bat sortzen, bulegoetan lan asko egin bada ere, komunikazioan ere ez dugu asmatu, eta gardentasunean ere ez”, esan du Izagirrek. Hala ere, erakunde guztiek aurrera jarraitzeko erabaki irmoa eta ilusioa nabarmendu ditu, eta orain arteko hutsegiteak konpontzeko konpromiso sendoa dutela adierazi du. “Herritarren ilusioa berriro piztu eta parte hartzea areagotzeko lan egingo dugu”, gaineratu du Izagirrek.
Itziar Noguerasen erabakia
Patronatuko lehendakari gisa, Juan Karlos Izagirrek behin baino gehiagotan jaso zuela Nogerasen ezinegona aitortu du. Dena dela, ezustean harrapatu omen zuen atzo arratsaldeko erabakiak; bera pertsonalki “minduta” sentitu dela onartu du, gauzak egiteko moduagatik batez ere.
Noguerasek kargua mahai gainean jartzeko hainbat arrazoi jakinarazi omen zizkien. Konfiantza falta omen da arrazoi horietako bat, baina Izagirren arabera, ez daude ados adierazpen horrekin, eta hala balitz ere, ez du uste kargua uzteko moduko arrazoia denik.
Liskar politikoak ere aipatu omen zituen. Zentzu horretan, Izagirrek onartu du ika-mikak badirela, baina zuzendaritza egonkor batek ezberdintasun eta interes politiko guztien gainetik egon beharko lukeela uste du. Horregatik, Patronatuaren lehen zeregina, “Itziar Nogerasekin edo gabe” zuzendaritza egonkor bat osatzea izango dela esan du alkateak.
Dena dela, kargua mahai gainean uzteko erabakiaren inguruko argibideak Itziar Nogerasek berak eman behar lituzkeela esan du Izagirrek. Argibide horiek gaur arratsalderako ematea espero dute.
Kultur programa
Orain arte Donostia 2016 kudeatu duen taldeak, Itziar Nogeras buru zutela, “lan bikaina” egin dutela esan Izagirrek. 2016rako aurkeztutako proiektuen betebeharrak zehaztuta, kultur programa “itxura ona” hartzen ari omen da. Bruselatik 2015eko udaberrirako kultur agenda zehaztea eskatzen dute, baina aurtengo ekainerako nazioartera hedatzeko moduko pilula batzuk eskaintzeko moduan omen dira dagoeneko. Beraz, lehen kultur egitasmoak aurki aurkeztuko direla esan du Izagirrek.


