Lapurreta egin dute Añorgako gaztetxean, Gorga Historia Mintegiaren lokalean eta zine zaharrean
25 Geltokia webgunearen arabera, gaztetxera sartzen diren bigarren aldia da, eta duela bost egun elizan sartu ziren lapurrak.
Bart gauean lapurreta egin dute Añorgako Gaztetxean eta Gorga Historia Mintegiaren lokalean. 25 Geltokia webguneak eman du gertakariaren berri. Dirua, telebista bat eta hainbat edari lapurtu dituzte gaztetxean; Gorgaren mintegian, berriz, ordenagailu bat, dirua eta argazki kamera bat. Zine zaharreko lokaletik beste ordenagailu bat eraman dute.
Ertzaintzak, hatz markak hartzeaz gain, gaztetxean azaldu diren hainbat zigarrokin eta edari eraman dituzte laborategian aztertzeko, lapurrenak direlakoan. Kanpoko ate eta leihoak behartu gabe daudenez, badirudi zine zaharreko teilatutik sartu direla lapurrak. Arkaitz dantza taldearen lokaleko armairuak ere ireki dituzte, ezer lapurtu ez duten arren.
Añorgako albisteei buruzko webgunearen arabera, lapurreta ugari egin dituzte Añorgan azken aldian. Gaztetxean sartzen diren bigarren aldia da atzokoa, eta duela bost egun elizan sartu ziren lapurrak.

