Realak eta kirol egokituen federazioak hitzarmen bat sinatu dute
Multiaktibitatea programara batuko da klub txuri-urdina, urritasunen bat duten haurrek ere kirola egiteko aukera izan dezaten.
Jokin Aperribaik eta Ivan Perezek akordio bat sinatu dute gaur goizean, Realeko Fundazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren izenean. Hala, fundazioak bat egingo du federazioaren Multiaktibitatea izeneko programarekin. Helburua, haur guztiek kirola egiteko aukera izatea da, baita urritasun fisiko zein psikologikoak dituztenek ere; surfa, pilota, txirrindularitza zein atletismoa egin ditzaten, besteak beste. “Eskaeren arabera egiten ditugu eskaintzat, eta monitore berezituekin aritzen gara ikastoletan”, aipatu du Perezek. Zehazki, 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzendua dago jarduera, eta momentu honetan, Donostia, Andoain, Urnieta Hondarribia eta Zarauzko 60 haur daude programan. Hala, Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute, datozen bospasei urteetan.
Akordioak 2017ko ekaina bitarte iraungo du, eta Realak 30.000 euroko diru laguntza emateaz gain, klubeko jokalariek bat egingo dute programarekin, bai lehen taldekoek bai harrobikoek ere. Gainera, ekainaren 15ean egingo du Realak Fundazioaren Eguna, Zubietan, eta federazioa bertan parte hartzera gonbidatu du.



