Kultura Ministerioak Donostia 2016ko zuzendaritzaren "profesionaltasun eza" kritikatu du
Europako agintariei hiriburutzaren proiektuaren “krisi egoeraren” berri emango diela adierazi du.
Donostia 2016ren zuzendaritza uztearen inguruko azalpenak emango ditu gaur
Donostia 2016 kultur hiriburutzaren kudeaketaren profesionaltasun eza eta konpromiso eza ere kritikatu du Espainiako Kultura Ministerioak. Europako agintariei proiektuaren “krisi egoeraren” berri emango diela iragarri du: erakundeen arteko leialtasun falta, proiektuan gertatzen ari diren atzerapenak eta patronatuko zuzendaritza eta kideen arteko harremanean dagoen gardentasun ezaren berri emango du Espainiako gobernuak Europan. Ministerioak ohartarazi du Donostia 2016 Fundazioaren egoera “delikatua” dela.
Donostia 2016ko patronatuak ez ohiko bilera egingo du bihar, ostirala, kultur hiriburutzaren egoera aztertu eta premiazko erabakiak hartu ahal izateko. Itziar Nogeras zuzendariaren dimisioa baieztatuta, Juan Karlos Izagirre alkateak lasaitasuna eskatu du, eta adierazi du hiriburutzaren proiektua hura zuzentzen duten pertsonen gainetik dagoela. Nogerasen dimisioak ez lukeela eragin beharko Donostia 2016ren proiektuan, eta egitasmoa “borroka politikotik” ateratzeko beharra azpimarratu du. Horretaz gain, autokritika egin du “komunikazio akatsengatik eta Donostia 2016ko zuzendaritza taldeetan izan den ezegonkortasunagatik”. Ildo horretan, zuzendaritzari egonkortasuna ematea lehentasuna izango dela gaineratu du.
Nogerasen azalpenak, gaur
Donostia 2016ren zuzendaritza uztearen inguruko azalpenak emango ditu gaur Itziar Nogerasek. 11:00etan agerraldi bat egingo du hedabideen aurrean. Atzo, Juan Karlos Izagirre alkatearekin bildu zen, eta zuzendaritza “behin betiko” uzteko asmoa jakinarazi zion.

