Adinduentzako 55 etxebizitza eraikiko dituzte Intxaurrondon
Hirigintza Antolamendu Plan Bereziari behin-betiko onarpena eman dio Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Hala, Intxaurrondon adinduentzat 55 etxebizitza eraikiko dituzte. Mons Pasealekuko 74. zenbakia eta Zarategiko 68. zenbakiaren artean dago 1.570 metro koadro dituen lursaila. Etxebizitza guztiek 45 metro koadroko gutxieneko azalera izango dute, eta elbarritasunen bat duten pertsonentzat egokituta egongo dirahorietako bost. Etxegintzaren aurrekontuetan aurreikusita eta onartuta dago apartamentu horien eraikuntza, 3.700.000 euroko aurrekontuarekin. Oinarrizko proiektua egingo duen enpresak bi hilabeteko epea izango du lana burutzeko.
Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Ricardo Burutaranek adierazi duenez, Donostiarren portzentaia handi bat pertsona adinduek osatzen dute. “Adinduentzako apartamentuek abantaila asko dituzte, harreta berezia behar duten arren euren independentzia mantendu nahi duten pertsonentzat”, adierazi du Burutaranek.