Bakearen eta giza eskubideen aldeko ipuinak eta margolanak lehiaketaren erakusketa zabaldu dute
Atzera begirakoa egin dute, 2004tik 2013ra jasotako lanik onenekin.
Giza Eskubideen Zinemaldiarekin bat eginez, Bakearen eta giza eskubideen aldeko ipuinak eta margolanak lehiaketa antolatu du Donostiako Udalak, aurten ere. Hala, lehiaketaren hamargarren urteurrena ospatu nahi izan du, giza eskubideen inguruko hausnarketan parte hartu duten 23.500tik gora haur eta gazteen lana txalotuz. Horretarako, atzera begirako erakusketa antolatu dute, bederatzi urte horietan aurkeztutako ipuin eta margolan onenekin. Erakusketa maiatzaren 18a bitartean ikusi ahal izango da, Liburutegi Nagusian – Haur Sailean (Fermin Calbeton 25).
Horrekin batera, aurtengo lehiaketaren erakusketa apirilaren 4tik 11ra bitartean ikusi ahal izango da, Viktoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren Informazio Bulegoan. Erakusketan, parte hartu duten 2.500 gazteen lanak ikusgai egongo dira. Irabazleak zeintzuk izango diren donostia.org/bakearenetxea webgunean jakinaraziko dute. Maiatzaren 18an lehiaketaren 10. ekitaldiko sari banaketa egingo dute, Koldo Mitxelena 2014 Eskolarteko Literatur Lehiaketaren sari banaketarekin batera.