Donostia 2016 Fundazioak aldi baterako zuzendaritza teknikoa izango du
Patronatuko kideak astero bilduko dira, zuzendari nagusiaren postua nork beteko duen erabaki arte.
Pare bat orduko bilera egin du Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak, eta proiektuak aldi baterako zuzendaritza teknikoa izango duela erabaki du. Hala jakinarazi du Juan Karlos Izagirre alkateak, prentsaurreko batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako bileraren ostean. Behin behineko zuzendaritza tekniko hori, honakoek osatuko dute: Xabi Paia (kultura), Garbiñe Muñoa (ekonomia), Enara Garcia (antolaketa eta partaidetza), eta Txuri Aranburu eta Santi Eraso aholkulariak.
Alkateak jakinarazi duenez, langileekin telefonoz adostu dute erabakia, eta patronatua astero bilduko da zuzendari berria zein izango den erabaki bitarte. “Konpromisoa hartzen dugu epe motzean zuzendari orokorra lortzeko. Aukera asko daude mahai gainean”, aipatu du Izagirrek. Edonola, alkatea ziur dago proiektua “indarberriturik” irtengo dela, eta herritarren ilusioa berreskuratuko dutela.