Eduardo Txillidaren lanak bilduko dituzte Kubo aretoan
Artista donostiarraren inguruko erakusketa ekainetik irailera egongo da ikusgai.
Eduardo Txillidaren erakusketaz gozatzeko aukera egongo da datorren ekainetik irailera, Kursaaleko Kubo aretoan. Halaxe jakinarazi dute Kuboko arduradunek, ohar baten bidez. Erakusketaren komisarioa Ignacio Chillida izango da, eta artistaren lan garrantzitsuak bilduko ditu; lan gehienak familiaren jabetzakoak izango dira, baita bilduma pribatuetakoak ere. Artistaren ibilbidearen hiru alderdi jorratuko ditu erakusketak: Nazioartean banaturik duen lan publikoa, Haizearen Orrazia eta haren lan sozial eta konprometituena.
Eduardo Chillida Donostian jaiotako artista da (1924ko urtarrilaren 10a – 2002ko abuztuaren 19a). Eskulturan egindako lanagatik eta materialak eta espazioa menderatzen izandako trebetasunagatik igaro da historiara. Haren lana mundu osoko museo eta bilduma handietan dago, eta haren eskulturak daude bai Donostian, itsasoaren aurrean, eta bai beste hiri batzuetan ere: Washington, Paris, Madril, Helsinki…