Sakabanaketa politika salatu du Etxeratek, 25 urte bete dituenean
Euren bizitza “sufrimenduari” lotua dagoela diote presoen senide eta lagunek.
Etxeratek, euskal preso politikoen senideen taldeak, agerraldia egin du gaur goizean. Espainiako Gobernuak presoen sakabaneketa politika abian jarri zuenetik 25 urte igaro direla gogorarazi dute, eta salaketa egin dute. Euren esanetan, presoen zein senitarteko eta lagunen eskubideak ez direla errespetatzen. “Euskal preso politikoen senideak, gertukoak eta adiskideak gara, eta horrexegatik, arrazoi bakar horrengatik, gure bizitza sufrimenduari lotua dago, arduradun politikoek sakabanaketa oinarri duen espetxe politika indarrean jarri zutenetik”, irakurri du Etxerateko Ibai Bilbaok. Etxeraten esanetan, sakabanaketa politika “zigor gogorra, mina eta txantaia” hedatzeko ezarri zuten politikariek. Azken batean, sakabanaketa “arnasik gabe” uzteko eskatu dute, “sakabanaketa ito” lelopean.
Astebururo batere segurtasunik gabeko bidaiak egin behar izaten dituztela gogorarazi dute. “Segurtasuna bermatzeko baldintza nahikorik ez duten bidaia luzeetan orduak eta orduak eman behar izaten ditugu, edozein unetan gerta daitezkeen istripuak jasateko, erasotuak izateko, jazartuak izateko edota harrikatuak izateko arriskupean”, salatu dute. Hala, Etxeraten datuen arabera, euskal presoen senideek batezbeste honako gastuak izaten dituzte: Astero, 378 euro; hilero, 1.638 euro eta urtero, 19.653 euro.
Senideen ustez, Espainiako eta Frantziako gobernuek sortu dute arazorik larriena: “Espetxeraturik egotea eta eskubiderik ez izatea gauza bera dela erabaki dute, eta era berean, gu ere eskubiderik gabe uzten gaituzte”. Hala, Etxeratek espetxe politika hori bukatzeko jarduera, ekarpen, urrats eta ahalegin guztiak beharrezkoak direla uste du.