Berriro ere podiumean sartzen saiatuko da Donostiarra
Gipuzkoako Batel Ligan hirugarrenak izan ostean, txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute arraunlariek, gaur arratsaldean.
Lehiarako prest dira Donostiarrako kideak. Izan ere, Gipuzkoako Batel Txapelketan parte hartuko dute Xabier Zabalaren arraunlariek, eta gaur bertan jokatuko dute lehen jardunaldia. Pasaia izango da txapelketaren eszenatokia, 16:30ean. Maila guztietako estropadak egongo dira jokoan, eta gizonezko seniorretan honakoak arituko dira Donostiarrarekin batera: Kiriko, Getaria, Zarautz, Orio eta San Juan. Sailkatze estropada izango da gaurkoa, eta lehenengo lau sailkatuek finala jokatuko dute bihar, 11:00etan.
Donostiarrak lehen aldiz parte hartu du aurten Gipuzkoako Batel Ligan, eta podiumera igotzea lortu du, hirugarren postuan geratuta. Bederatzi jardunaldik osatu dute Liga, tartean lau jardunaldi bertan behera utzi behar izan baititu federazioak, metereologia iragarpen txarren ondorioz. Getarian jokatu zituzten joan den igandean ligako azken estropadak, eta bertan egin zuten sari banaketa. San Juan eta Orio geratu dira Ligan Donostiarraren aurretik.


