Kristobaldegi komentuaren inguruan aurkitu dute gorpua, gune honetan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Piraguista batek gorpu bat aurkitu du gaur Urumea ibaian, Txomin Enean, Kristobaldegi komentuaren atzealdean. Hilotza Iñaki Garciarena izan zitekeela pentsatu dute hasieratik, baina baieztapen ofizialik gabe. Hala ere, martxoaren 22an galdutako donostiarraren kuadrillakoak bertan izan dira, gorpua aurkitu duten lekuan, eta Garcia galdu zen egunean zuen arropa bera identifikatu dute aurkitutako hilotzan. Azkenean, 14:00ak aldera, konfirmazio ofiziala iritsi da. Iñaki Garciarena da gorpua; arropa berdina eramateaz gain, Nortasun Agiria ere zuen soinean, lagun batek Irutxuloko Hitzari jakinarazitakoaren arabera. Lagunek eta senideek besarkada eta malkoen artean jaso dute albistea.
Martxoaren 22an galdu zen 34 urteko gazte donostiarra. Urumea ibaia arakatu dute Ertzaintzako erreskate taldeko kideek azken egunotan. Arrastorik ez zutenez topatu, bertan behera utzi zituzten ibaiko bilaketa lanak. Gaur goizean aurkitu dute gorpua, eta 13:30ean atera dute uretatik. 14:15ak inguruan eraman dute, identifikazioa egin eta gero.
Desagertzearen salaketa jarri ostean, Garciaren lagunek azaldu zuten, martxoaren 22ko larunbat gauean, lagun batzuekin Astigarragako sagardotegi batera joan zela galdutako gaztea, eta, zertxobait geroago, afaldu gabe irten zela. Garcia herrira iritsi, eta neska bati deitu zion, harekin egon zen 00:30ak arte. Ordu horretan lagunak taxi geltokira lagunduko ziola esan zion. Halere, Iñakik eskaintzari uko egin zion, eta Martutenera bidea hartu zuen oinez. Bertan, herritarren laguntzaren bitartez senideek izandako berrien arabera, sagardotegitik irteten ari zen pertsona talde batek lagundu zion 26 autobuseko geltokira. Igandeko 01:00ak aldera, pertsona talde horrek autobusa hartu zuen, baina gaztea geltokian geratu zen. Bertan ikusi zuten azken aldiz. Alarmak ez ziren piztu astelehena arte. Lanera joan ez zela ikusita, gurasoek salatu zuten semearen desagertzea.