Adinekoentzako apartamentuak eta eguneko zentro bat egiteko proposamena babestu dute
Erdialdean egingo dituzte eta 60 pertsona inguru bizitzeko aukera izango dute.
Udal gobernuak hiriaren erdigunean adinekoentzako babestutako apartamentuak eta eguneko zentro bat egiteko proposamena egin zuen, eta gaur goizean Zorroaga Fundazioko Patronatuak plieguak aho batez onartu ditu. Juan Karlos Izagirre eta fundazioko presidentea pozik agertu dira, adineko eta egoera ahulenean dauden pertsonen egoera hobetuko duelako. “Aurreneko aldia izango da adineko pertsonei hiriaren erdialdean kalitatezkoa zerbitzu bat eskainiko zaiela”, nabarmendu dute.
Proiektua Zorroaga Fundazioak duen Arrasate kaleko 51. zenbakian kokatuko da. Lanak datorren urtean hasiko direla aurreikusi dute, eta 2015erako bukatuta egongo litzatekela esan dute. Apartamentuetan 50 eta 60 pertsona bitartean bizitzeko aukera izango dute, eta pertsona batentzako zein bi pertsonentzako egitea espero dute. Tutoretzapekoak izango dira, eta adineko autonomoaz gain, lehen graduko mendetasuna dutenak ere biziko lirateke.
Udal gobernuak maiatzan egin zion proposamena patronatuari eta Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak hilabete hauetan zailtasunak egon direla. Hala ere, proposamena aurrera atera dela azpimarratu du: “Proiektu honek lagunduko du etxebizitza hutsik egon ez daitezen hiriko erdialdean, horren alde dago Udal Gobernua”.
Bestalde, udal gobernuak aurkeztutako beste proposamen bat entitateak ez du onartu. “Ideia zen etxebizitza hutsak pixkanaka okupatu gabe geratzen direnak Alokabide udal entitatearen bidez kudeatzea; horrela, kudeaketa guztiz publikoa izango litzateke, gardena, aukera berdintasunean eta lehiaketa librean, alokairuen prezioak %20 eta %30 artean murriztuz”, adierazi du Albizuk.


